Aurkezpena

2018/09/15
Hemeroteka, Hemeroteka

LARRIALDI DEMOKRATIKOA / Adierazpena

LARRIALDI DEMOKRATIKOko arazo batek gakartza iritzi publikoaren aurrera. Hura plazaratzea bera ere albistetzat jotzen dugu. Adierazpen hau izenpetzen dugunotako bakoitzak banan-banan gure arrazoibide propioa gara genezakeen arren, bigarren berritasun bat ekartzea erabaki dugu ordea, hots, batera egitea, mezu partekidetu baten bidez eta aniztasunetik abiaturik, bizi dugun uneak duen LARRITASUNAri dagokion egokieran hain zuzen.

Zazpi lurraldeetako herria daukagu gure erretinan, Euskal Herria, gure nazioa, gure herria, ‘think global, act local’ delako pentsaera homologatuaren adierapeneko tokiko ekintza-eremua, nork bere ikuspegitik. Baina Estatu espainolean egunotan ematen ari diren eta gure bi komunitateei, Nafarroako Foru Komunitateari eta Euskadiko Autonomia Erkidegoari, eragiten dieten gertaeren garrantziak, arreta eremu honetan jartzera bultzatzen gaitu.

Izan ere, bazirudien alderdi politikoen artean BIRSORKUNTZA DEMOKRATIKO baten beharraren pertzepzioa zabaltzen ari zela, 78 KO ERREGIMENAREN HIGADURARI berari esker. Bestela esanda, ikuspegi aurrerakoietatik bederen, ontzat eman zen “demokrazia sekula bukatzen ez den bidea da” zioen atsotitza. Aldaketa sakonei aukera eman ziezaiekeen egoera sor litekeen sentsazioa zegoen, eta gure kasuan egoera horrek gure bi komunitateetan estatus berri batera eraman gintzakeela zirudien.

Aitzitik, Espainiako sistema, jadanik ustelkeriaz eta krisiaren aurrean dituen politika antisozialek lokaztuta zetorrena, botere banaketa ereduaren urraketa neurrigabeek kutsatuta (horiek bezain larria den abar luze bat ez aipatzearren) jostura guztietatik lehertzen ari da batik bat Kataluniako procés-aren harira, bi jarrera kontrajarri eraginez: Estatuaren inboluzioaren alde dauden ultraerradikalismoa batetik, eta anestesia orokorra pentsamendu kritikoari dagokionean bestetik.

Ideologi-korronterik autoritario eta kontserbadoreenek politizatutako Justizia-sistemaren aldetik aurrekaririk gabeko erasoaldiaren aurrean gaude, ideiak eta ideien jabeak gartzelaratuz, direla txiolariak, rap-kantariak, errotulatzaileak, graffiti-margotzaileak, antzezlariak… Baina arreta berezia jarriko diogu Kataluniako kasuari: han botere exekutiboa eta judiziala eskutik hartuta doaz behin eta berriro kartzeleratuz eta jazarriz gehiengoak hautetsontzietan herriaren erakunde-mailarik gorenetarako aukeratutako hautetsiak.

Oso kezkagarritzat jotzen dugu atzerakada-prozesuak eta erregimen monarkiko espainolaren joera inboluzionistak, Europaren partetik jasotzen duten babesa, dela ekinez zein isilduz. Europako Batasuneko estatuak ez dira konturatzen Espainiako Erresumak ezegonkortasunaren hazia daramala eremu horretara.

Konstante historiko bat da estatu-barruko zenbait lurraldetan, beti berdinetan, finkatutako gizarteek Estatu espainolari, forma batean zein bestean, agertzen dioten atxikimendurik eza. Lurralde horietan modu demokratikoan Estatu bezala bermatzearen alde apostu egin zezakeen, Erresuma Batuak edota Kanadak euren lurraldeetan egiten duten bezala. Edo bestela inposizioaren bidean segi dezake, orain arte bezala. Baina honela porrot egindako eta egonkortasunik gabeko izaten jarraituko du, kide ez gomendagarria izaten.

Europak hobe luke hau lehenbailehen uler baleza eta erregimen espainola demokraziaren bidean
sarrarazten lagunduko balu, haren betidaniko gabeziak gainditzeko ahaleginean.

ITXAROPENA – KONFIDANTZA – ILUSIOA
Ikuspegi kezkagarri honen aurrean, politikaren ohiko erritmoa hautsi eta alerta jo nahi diegu Euskal Herriko emakumeei eta gizonei. Axolagabekeria eta hoztasuna alde batera utzita, kontzientzia kritikoaren eta itxaropenarekiko konpromisoaren arrastoa berreskuratzera deitzen dugu.

Politika eragin sozialerako birgaitzen lagundu nahi genuke, aldaketarako, konfidantza eta ilusio kolektiboa berreskuratzen lagunduz. Ez erresistentziaren horma bat eraikitzeko, iraganeko inertziak iraunaraziz, baizik eta eraldaketa bide bat urratzeko asmoz.

Sei urte baino gehiago daramagu ETAk indarkeria betiko utzi zuenetik. Bestalde, mundu mailan eredu aldaketak eragin duen krisiaren ondorio sozialak ezagutu berri ditugu. Eta Estatuaren atzerakada eta inboluzioaren mehatxupean gaude.

Kontuan hartuta txanpon beraren beste aldean gure bi komunitateetan indarrean dauden estatutuak zalantzan jartzen ari direla, izan daiteke garaia proiektu bati heltzeko, emantzipatua den herri eta gizarte baten ikuspegitik. Gure esku dago beste ziklo politiko luze baten aurrean etsi eta iragarritako jazarpen-aldietan amore ematea, ala gure asmoei uko egin gabe egoerari gogor eustea.

Uste dugu ekimenerako unea dela. Gure herriari aplikatutako Giza Garapen Iraunkorraren printzipioetan oinarritutako estatus berri bat behar dugu. Hainbat arlotan eskumen oso eta esklusiboak emango dizkigun estatus bat alegia, hala nola gure ekoizpen-sistemaren garapenari dagokionean, lan harremanetarako esparru propioarekin eta eragile sozialen azpisistema oso bati bidea zabalduz; gure ongizate sozialaren ereduari buruzko eskumenak, ezarpen unibertsalarekin, Osasunean, Hezkuntzan zein Pentsio-sisteman; gure sistema fiskalari buruzko eskumenak; euskararen diglosia-egoera gainditzeari buruzkoak, gure kontsentsuetatik eta estatuak eskua sartu gabe; Administrazio eta Justiziaren esparru propio bat antolatzeari buruzkoak; gure ingurumenaren eta baliabide naturalen jasangarritasunari buruzkoak; genero berdintasunari buruzkoak. Europako Batasunarekin elkarrizketa zuzena izaten ahalbidetuko duen estatus bat behar dugu.

Esaldi bakarrean, herri eta nazio bezala aintzatesten gaituen estatus bat behar dugu. Berdintasunean oinarritutako aldebikotasuna gure bi erkidegoen eta Estatuaren artean. Hau guretzat funtsezko kontzeptua da, burujabetzaren eta autogobernuaren ahalmenak instituzionalizatzerakoan oinarritzat hartu beharrekoa, kontsulta eta erreferendumei dagozkien eskumen oso eta esklusiboak barne, haiek baitira oinarrizko tresna gure bizikidetza demokratikoarentzat. Gure erabakitzeko ahalmena, erabaki askearen printzipio demokratikoa, baliabide honi estuki lotuta dago, proiektu politiko eta kausa sozial guztiak burutzeko modu bat izan dadin, horretarako gehiengoak lortzen badira, eta hau baino beste mugarik gabe.

Gero etorriko da gorabehera hauek guztiak zehatz-mehatz eztabaidatzeko eta garatzeko garaia. Etorkizunari buruzko eztabaidak hiritargo osoari, gizarte guztiari, irekita egon behar du, erakundeetara eta alderdi politikoetara mugatu gabe. Egun, proiektu honen aldeko gogoak biltzeari ekin behar zaio. Ustelkeria eta politika antisozialetatik librea den eremua izan behar du gure herriak, berdintasuna, demokrazia eta ongizate sozialaren orubea, nazio eta gizarte emantzipatu bezala dauzkagun helburuetara iristeko behar ditugun autogobernu eta subiranotasun baliabideak gureganatuz. Oro har, hori da gure eraldaketarako eskema.

Geure mugetatik at, bestalde, ona litzateke bat egiten jardutea hiritargoaren gogoa bideratzeko ahaleginean dabilen Kataluniako herriarekin. Bi esparruotatik, eta Estatu espainolean zehar dauden herri eta sektore aurrerakoietatik ere, agian balio erantsi handiko esparru bat sor genezake, partekidetutako pentsaera eta ekintza kritikoan, demokraziari dagokionean, egungo estatu-eredua kuestionatuz.

Adierazpen hau ezin amaitu hamarkadetan zehar jasandako indarkerien ondorio gisa gure gizartean irauten duen sufrimenduaren oinatza aipatu gabe. Ahanzturari ez, esaten dugu; eskubideen urraketa guztiak aintzatesten dituen oroimenari berriz, bai. Eta orobat, egiari bai, elkarbizitza demokratikoari bai. Bidea hori delakoan gaude.

Zeinu bateko eta besteko biktimak argi eta garbi aitortzearen alde gaude. Eta ETAren ekintzak behin betiko amaitu eta sei urte luze iragan direnean, preso dauden pertsonei beraien berezko ingurunera hurbiltzea eta salbuespeneko arauak aplikatzeari uztea dagokie.

Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalari lotutako ‘eskubide oro gizaki ororentzat’ printzipio demokratikoa egi bihurtzea litzateke, gure ustez, estatus berri bat sigilatzeko modurik onena, aipatutako terminoetan, eta ondare ona datozen belaunaldietako euskal herritarrei uzteko.

DEMOKRAZIA BAI!
Adierazpen hau izenpetzen dugunok askotariko multzoa osatzen dugu. Azaldu den egoera politikoak kezkatzen gaitu, garaia LARRITASUN DEMOKRATIKOkoa dela uste dugu eta zertzelada nagusietan deskribatu dugun etorkizun proiektu baten alde egiten dugu.
Honek, ordea, gehiengoak eskatzen ditu, gehiengo berri bat, askotarikoa, eraldatzailea. Horixe da, beraz, aditzera eman nahi duguna, talde honen eratzea dela medio.

Gizarte zibiletik abiaturik elkartzen garen gizon-emakumeak gara, gizabanako gisa soil-soilik bat eginik. Plataforma ireki bezala, DEMOKRAZIA BAI izenez, gogoeta, eztabaida eta zabalkundea garatu nahi ditugu hasiera batean, bestelako ekimen posible batzuei aterik itxi gabe.

Dena den, lankidetzaren bidetik mamitzen joango den zerbait da, eta izango da, inoiz ere ez elkar-lehian, eszenatoki politiko eta sozialean dagoeneko badauden eragileekin; zeintzuekin erabat edota hein batean bat etor gaitezkeen. Gehitzera eta biderkatzera gatoz, ez kentzera eta zatikatzera.

Oinarrizko kontzeptuak berreskuratzeko garaia da, hala nola ASKATASUNA, DEMOKRAZIA eta BERDINTASUNA, eta, halaber, JUSTIZIA zein ONGIZATE SOZIALA gure herriarentzat, gure gizartearentzat, azaldu dugun bezala. Aipatu helburuon inguruan indar politiko, sindikal, sozial, kultural, asoziatibo, indibidual eta instituzionalak batzeko garaia da.

Hori opa dugu adierazpen honen izenpetzaileok.
Euskal Herrian, 2018ko apirilaren 13an

Comments are closed.