Demokraten arteko Maltzaga

Daniel Arranz Cuesta
Xabier Oleaga Arondo
(Demokrazia Bai! Ekimeneko kideak)

Iragan apirilaren 13an eman zen ezagutzera, Donostiako EHUko campusean kokatutako Filosofia, Antropologia eta Hezkuntza Zuentzien fakultatean, DEMOKRAZIA BAI! izena daraman agiri bat, unibertsitateko esparruko, politikoko, sozialeko sindikaleko eta kulturaleko hainbat pertsona ezagunek babestuta. Gertakariko argazkian bi lehendakari ohi azaltzen ziren, Carlos Garaikoetxea eta Juan Jose Ibarretxe. Bertan ziren bai eta ere Iñigo Iruin eta Rafa Díez, ezker abertzaleko buruzagi historikoak, besteak beste. Eusko Jaurlaritzako sailburu izandako bi emakumek ere sinatzen zuten, Anjeles Iztuetak eta Miren Azkaratek. Han zen Joseba Azkarraga ere, beste sailburu ohi bat, Eusko Alkartasunako buruzagi izandakoa, gaur egun alderditik kanpo eta Sare elkarteko erreferentea. Josetxo Arrieta, Ahal Dugu-Podemoseko senataria eta Jesus Uzkudun, CCOO sindikatuko buruzagi ohi gaur egun erretiratua ere han ziren. Eta artikulu hau sinatzen dugun biok ere argazkian izan ginen.
Gutariko bakoitza ibilbide politiko desberdinetan kokatuta egon da orain arte. Bi ezaugarri emateagatik, Dani PSOE-PSE-Eeko militante zela Bizkaiko Gobernadore zibila izan zen 90. hamarkadan; Xabier, zortzi hilabetez kartzelan izan zen 2003an Egunkaria auziaren harira, azkenean absolbitu egin zutelarik.
Jatorri politiko desberdinekoak izan arren, biok izan ginen burruka antifrankistan. Bizkaitarrak jatorriz, Dani Bilboko errekaren ezkerraldekoa zen, Xabier eskubikoa. Elkarriren inguruan ezagutu genuen elkar, non bat egin genuen gatazka politikoari eta bortizkeriari irtenbide negoziatua bilatzeko ahaleginan. Orain berriro elkar aurkitzen dugu demokraziaren aldeko ekimen honetan.
Garai honetan guztian gauza askotaz hitz egin dugu. Baita egun osoz eskolta gainean ibili beharrak dakarrenaz, atentatuko balizko jomuga hautatu zintuzten hartakoari buruz, bai eta atxiloketa garaian torturaren esperientziatik igaro izanari buruz ere, edota demokraziaren ikuspegitik zilegizkoa zen kausa baten alde jardun izanagatik pertsekuzio judiziala jasan zenuen hartaz. Horretaz guztiaz mintzatu gara esperientzia pertsonal gisa.
Baina gure ahalaginak sozialki izan dezakeen eragin apaletik, guztiz barneratuta daukagu, zintzotasunetik, gure iraganeko diferentziek ez dutela inola ere hipotekatuko orainean eta etorkizunean elkar bat etortzeko aukera. Izan ere oraina irakurtzen gauza askotan gatoz bat, bai eta etorkizuna susmatzerakoan ere. Geratzen zaigun honetan, noski, zeren eta biok daukagu dagoeneko iragan gehiago etorkizuna baino; eta denboraren aipamenei bukaera emanez, biok erakartzen gaitu gehiago etorkizuna aurreikusten saiatzeak, iragararen kontakizunak baino.
Eta bat egiteez zein etorkizunaz hitz eginda, biok uste dugu ‘larritasun demokratikoko’ garaiak bizi ditugula, ‘demokraziaren aurkako inboluzio’ nabarmenean gaudelako, sinatu berri dugun agiriak dioen moduan. Espainiko erregimen monarkikoak azkenik kendu du bere mozorroa, Kataluniako errepublikaren aldeko erreboltaren harira.
Biok diogu ustelkeria bere senean daramala gaurko erregimen politiko espainolak eta Espainiako Gobernuak iragarri berri duen pentsio duinetara iristeko aspirazioaren bukaera dela estatu honek gizarte zabalari egi dion iruzur sozialik eskandalagarriena. Badakigu ezinezkoa dela, baina hobe hau bukatuko balitz akusatuen aulkia estatuko kudeatzaile nagusiz bete-beteta gaur egun ez dagoen baina desiragarria litzatekeen ardura politikoen epaimahaiaren aurrean.
Biok bat gatoz uste izatean Espainiako Estatuaren politika antisozialak, bereziki oraingo krisi suntsitzaileak agerian utzi dituenak, beti irabazle ateratzen direla, klase politiko espainolaren sustraian dagoelako eta belaunaldiartekoa delako, ongizate estatu unibertsalizatua ezartzearen aldeko korronteen gainetik.
Bakoitzak bere ñabardurekin, gure ustez Euskal Herria is different. Ñabardurekin baina bat gatoz, euskal izate nazionala ukaezina da, eta euskal herriak edozein aukera politikoz bide demokratikotik erabakitzeko daukan eskubidea, oinarrizkoa da herritarrok elkar aitortzeko eta gure elkarbizitza demokratikorako.
Biok uste dugu hemen badela itxaropenerako aukera. Bion ustez, esperientzian oinarrituta, hemen zenbat eta autogobernu handiagoa ongizate hobea. Xabierrek badu ikuspegi kritikoa Gernikako Estatutoari buruz jatorrian, baina hala ere biok aitortzen dugu bizi izandako esperientzia frogarako mahaia oparoa izan dela, aurrerapen sozialari dagokionean. Burujabetza ekonomiko, sozial eta politikoan oinarritutako etorkizuneko balizko estatus berri baterako aurrekari ona.
Bat etortze multzo honek, ETA desagertu izanaren paradigmari lotuta, egunotan bizi baitugu horren konfirmazioa, biok garamatza pentsatzera ba ote legokeen aukerarik esparru politikoan berpizteko Maltzaga izeneko kontzeptu historiko montzonianoa; alegia Donostiatik Bilborako bidean Durangoraino elkarrekin iristerik ez badaukagu, egin dezagun Elgoibar eta Eibar bitartean dagoen puntu horretaraino behintzat.
Kontzeptu hau abertzaleen arteko hurbilketarako pentsatu zen, baina ezkertion arteko batasun bezala planteatuko bagenu?. Biok gara espazio horretakoak, eta badakigu mugimenduak egon badirela norabide horretan, diskrezio handiarekin eta zirkulu txikietan oraingoz, baina kualifikatuak.
Hobeto oraindik, eta hau planteatuko bagenu euskal demokraten Maltzaga gisa, hau da, erregimen espainolean ikusten den muturreko inboluzioak eta honen eragileak kezkatzen gaituen guztiona? Berez gaur, gure gazte garaian bezala, hor dago ezker-eskubi ardatza, unionismoa-independentismoarena dagoen bezala. Baina hor dago bai eta autoritarismoa-demokraziarena ere, eta hau litzateke gure ustez une honetan landu beharrekoa.
Politikak egunotan daukan merezitako sinesgarritasun falta kontuan hartuta ere, biok sinesten dugu oraindik politika lanabes egokia dela eraldaketa sozialerako. Berdin sinesten dugun bezala eraldaketek nahi-eta-nahi-ezko gehienko zabalak behar dituztela gure artean, lortu ezin direnak ez bada aniztasunetik eta, hobeto esanda, zeharkakotasunetik.
Hori da apaltasunetik biok egiten dugun apustua, baina garrantzia emanez, Demokrazia Bai ekimenaren apustua ere. Bertara hurbiltzera gonbidatzen zaituztegu. (demokraziabai@demokraziabai.eus).

Comments are closed.